mardi 16 juillet 2013

Fresneseko euskal preso guztiek borrokaldia gogortu dute

Source: KAZETA info

Fresneseko euskal preso politiko guztiek borrokaldian segitzen dute. Uztailaren hastapenean borrokan sartu zirela eman zen ezagutzera. Bi arrazoi nagusi eman dituzte presoek borrokan segitzeko, alde batetik sorreraren arrazoina izan zena, hau da, Ekhiñe Eizagirre zarauztarra espetxeratu zutenetik bakarturik, dutela salatzeko. Bestetik, espetxeko baldintza orokorrean anitz okertu direlako azken aldian. Besteak beste, ziegetako leihoetan burdinsareak ezarri dizkiete. Guzti honegatik ekainaren erdialdean janeko "mitardera" edo zigor ziegetara sartu ziren protesta moduan. Baina, Ekhiñek bakarturik segitzen du, eta mutilen baldintzak zertxobait aldatzea lortu badute ere, nesken baldintzak arras txarrak izaten segitzen dute. Bertzalde euskal presoen aldeko Herritarron Epaia ekimenak bere ibilbidea segitzen du, heldu den igandean Donapaleun eta Uztaritzen eginen da, bereziki 197/2006 doktrina salatzeko Euskal Herriaren itzulia egiten ari den ekimena. Aldi berean Herrirak presoen aldeko petanka txapelketa antolatu du uztailaren 21ean Basusarrin.

Maiatzaren 11ean Fresneseko gartzelara eramana izan zen Ekhiñe Eizagirre, eta ekainaren amaieran, bertze kideekin elkartuko zutela esan bazieten ere, ez zen horrela izan. Hori dela eta, jendarteari eskaera egin zioten Laurence Le Vert epaileari gutunak eta faxak bidaltzeko, eta gutun eta fax hauetan egiten zen eskaera Ekhiñe Eizagirre beste euskal preso politikoekin batzea zen.

Hala ere egoera aldatu ez denez, uztailaren 9tik, Fresnesen diren euskal preso politiko guztiak "mitardean" edo zigor ziegetan dira, protesta moduan. Aurrera begira egoera aldatzen ez bada, borrokaldiarekin segitu eta beste neurri batzuk hartuko dituztela ziurtatu dute.

Herriraren ekimenak presoen alde
Herritarron epaia ekimena abian da Euskal Herri osoan. 197/2006 doktrina (Parot doktrina bezala ere zagutua) salatzeko asmoz eta Euskal Herrian bakeari aukera bat eman behar zaiola beste behin galdetzeko, Epaia herritarren ekarpen grafikoak jasotzen ari da ekainaren 8tik, eta irailaren 14ra arte segituko du. Bukatzeko amaiera ekitaldia Iruñeako Anaitasuna Pabiloian eginen da.

Asteburu hontan Ipar Euskal Herrian izanen da Epaia. Igandearekin Donapaleun 12:00etan xerri merkatuan (merkatu estaliaren gibelean) eta Uztaritzen 13:000etan hiribehere plazan izanen da.

Epaiaren antolatzailea den Herrira mugimenduaren aburuz euskal jendarteak aspaldi eman du bere epaia, "197/2006 doktrina eta euskal preso politikoei aplikatzen zaizkien salbuespeneko neurriekin amaitu beharra dago konponbidera eta bakera hurbilduko gaituzten urratsak eman ahal izateko".

Epaiaren ekitaldietatik kanpo Herrirak petanka txapelketa bat antolatua da igandean, uztailaren 21ean. Goizeko 11:00etatik landa Basusarrin izanen da, bertzelako gauzekin batera: jateko, edateko, puzgarriak haurrentzat...