mardi 15 octobre 2013

Lasa ta Zabala : 30 URTE

Gaur gauean 30 urte beteko dira GALek Joxi Zabala eta Joxean Lasa Baionan bahitu eta, Donostiako La Cumbre jauregian torturatu ondoren, Busoten (Alacant) eraileta kare bizitan estalita lurperatu zituztenetik. Askapenerako Talde Antiterroristak (GAL gazteleraz) egin zuen lehen atentatua izan zen. Gaur egun Patxa bezala ezagutua den plazan den margoak bi militanteak bahitu zituzten tokia gogorarazten du. Bi gazteak Baiona Ttipiko karriketan zehar eguna pasa ondoren gauean lagunekin elkartu eta Arrangoitzeko bestetara joateko asmoa zutelarik bahitu zituzten. Urteetan zehar bi errefuxiatuen hilketen ikerketak ez zuen aitzinamendu handirik ezagutu. Gorpuak 1985ean agertu ziren baina ez ziren hamar urte berantagora arte identifikatu. 1995. urtean auzia Auzitegi Nazionalean aztertu zen eta orduan agerian gelditzen hasi zen Guardia Zibilak izan zuen parte hartzea. Julen Elgorriaga, Angel Vaquero, Enrique Dorado, Felipe Bayo eta Enrique Rodriguez Galindo izan ziren zigortuak. Galindo generalak 71 urterako gartzela zigorra hartu bazuen ere duela 10 egun aske utzi zuten. Erakunde parapolizialaren buru izan zen generala aske uztea "Domina bat eman baliote bezala da" salatu du Axun Lasa, Joxeanen arrebak. Bi gazte tolosarren omenez ekitaldi ezberdinak egiten ari dira 30. urteurren honetan. Joan den ostiralean "Kareak erre ez duena" agerraldi poetikoa izan zen eta bihar Tolosako Olarrain auzoko monolitoaren aitzinean omenaldia eginen da. Entzun Info7 irratian Pili Zabala, Joxiren arrebari eta Axun Lasa, Joxeanen arrebari, egin dizkioten elgarrizketak.

Bi gazteak desagertu ziren egunetan inork ez zekien noren eskutik heldu zen bahiketa, oraindik GAL ez baitzen ezaguna, baina bertze talde parapolizialak ezagunak ziren janeko, Triple A, Los guerrilleros de Cristo Rey edo Batallon Vasco Español bezalakoak.

Egun batzuk berantago Joxe Mari Larretxea atxilotu nahi zuten Guardia Zibileko kide batzuen atxiloketak bi militanteen familia eta hurbilekoak haien desagerpenaren errudunak non bilatu behar zituzten segurtatzen joaten da.

Abenduan Segundo Marey hendaiarraren bahiketa ordura arte ezezaguna zen GAL taldeak bere gain hartu zuen.

1984ko urtarrilean Ser irrati kateko Alacanteko egoitzan dei anonimo batek Lasa eta Zabalaren hilketa egun horretan egin izana bere gain hartzen du. Baina informazio honek ez zuen oihartzun handirik izan. 1985ean Alacanteko Bussot herrian bi gorpu atzeman zituzten, baina inork ez zuen loturarik egin. Bi gorpuak karean lurperatuak izan baitziren ez ziren ezagutzen ahal. Hala ere gorpuak buruan jasotako tiro batez hilak izan zirela erakusten zuen, eta gogorki torturatuak izan zirela hil aitzin.

Hamar urte berantago erretretan zen polizia batek lotura egin zuen gorpuak eta Lasa eta Zabalaren arteko desagerpenaren artean. Handik guttira inkestak erakutsiko du bi gazteak Donostia erdialdean Barne ministroak duen eraikin batean bahituak izan zirela eta 15 bat Guadia Zibil izan direla bahiketari eta torturei lotuak. Bertako buru Galindo zen.

Axun Lasaren arabera "Justiziak bere lana egin du, inkesta egina izan da, prozesua eta zigorrak. Gero usteldu da dena". Zigortuak izan ziren Guardia Zibilak kalean utzi baitituzte.

Ehorzketa eta omenaldia

Gorpuak identifikatu eta egun gutxitara bi gazte tolosarren gorpuak Hondarribiko aireportura ailegatu ziren. Bertara hilkutxak laguntzeko hurbil zen jendea andanaren kontrako erasoa egin zuen Ertzaintzak. Poliziak hilkutxak konfiskatu zituen eta hilerrian poliziak familia eta lagunak gorpuetatik hurbiltzea debekatuko die.

Gaur familiak omenaldi ofizialean ezin izanen dutenez parte hartu bihar Tolosako monolitoan eginen den ekitaldian hartuko dute parte. "Loreak utziko ditugu, gure baitara bilduko gara eta jendea gurekin elkartuko da, baina Omenaldi bat egitea debekatu egin digute" azaldu du Axun Lasak.

Bahiketaren 25. urteurrenean bi gazte tolosarren alde eginiko omenaldia debekatu zuen Garzon epaileak eta Ertzaintzak bortizki bete zuen bere agindua. Sei pertsona atxilotuak izan ziren eta hainbat zaurituak.

Axun Zabalak "egiteko aniz" balela aldarrikatu du, eta ez bakarrik egia ezagutu dadin, "bizikidetzaren" eremuan ere.

"Kareak erre ez duena" eta ekitaldia
Musika, ikus-entzunezkoak, dantza... ekitaldi poetikoa baino gehiago izan zen ostiralean Tolosako Leidor antzokiak hartu zuen "Kareak erre ez duena" ekitaldia. Lasa eta Zabala erail zituztenetik 30 urte betetzen diren honetan, sentipenak larruazalera ekarri zituzten.

Urteurrenaren karietara eginiko ekitaldian Joxi Zabalaren eta Joxean Lasaren senitarteko anitz izan ziren, baita Gipuzkoa osotik etorritako jendea ere, emanaldi poetikoa baino gehiago izan baitzen Tolosakoa. Oiartzundik bertaratutako bikote batek esan zuen bezala, "Joxi eta Joxean eta beren familiak omentzera gatoz; bada garaia". Galindo ere izan zen batzuen ahotan.

Emanaldia zuzenean ikusteko lehen eta azken aukera izan zuten Tolosakoa, ez baita errepikatuko. Poesia, bideoa, musika, kantua eta dantza uztartu zituen ikuskizuna zulo baten bila egindako bidaiarekin hasi zen: "Eta, ibilian, bideak agerian jarriko ditu bakoitzak bere barruan daramatzanak. Bila hasiz gero, gainera, zulo bat inoiz ez dator bakarrik... Eta zulo gehiagorekin topo egingo dugu", esan zuten.

Horretaz gain, bihar, urriaren 16an, 19.30ean Tolosako Olarrain auzoko monolitoaren aitzinean 30. urteurren ekitaldia egingo da.